XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izugarrizko pelota bat nuen eztarrian, eta agian hobe izango zela berehala abiatzea esan diot neure buruari eta urte pila batetan ez itzultzea, baina iluntzen hasia zuen eta amatxori ez zaio gustatzen berandu arte kanpoan ibiltzea.

Hala, beraz, sartu naiz etxera.

Egongelan, amatxo aitatxorekin hitzegiten ari zen.

Paper mordoa zuen bere aurrean, mahai gainean, eta ez zirudien oso pozik zegoenik.

- Harrigarria!- zioen aitatxok -. Etxe honetan joaten den dirutza! Ezta multimilionario izanda ere! Begira faktura hauek! Hau harakinarena da! Eta beste hau ultramarinosekoa! Baina, jakina, nik ekarri behar bait dut dirua!.

Amatxo ere ez zegoen batere pozik eta ez zekiela asko nola garestitu den bizimodua esaten zion aitatxori, eta egunen batetan berarekin joan behar zuela erosketak egitera eta bere amaren etxera joango zela eta ez dela eztabaidan ibili behar haurraren aurrean.

Nik, orduan, boletina eman diot aitatxori.

Aitatxok ireki, sinatu eta itzuli dit, esanez: - Haurrak ez du zerikusirik arazo hauetan.

- Gauza bakarra eskatzen dut, eta da esplika diezadatela arkume hanka zergatik den hain garestia! - Zoaz zeure gelara jostatzera, Nikolas - esan dit amatxok.

- Bai, horixe, horixe - esan du aitatxok.

Gelara igo, ohean etzan eta nigarrez hasi naiz.